2012/01/29

'Infotainment': Albiste entretenituak

Etb2ko ‘Ni más ni menos’ saioak tertuliakide anonimoak hobesten dituela-eta, Gasteizko Martxoak 3ko kideek ezin izan zuten haien gizarte-eskaria plazaratu, Manuel Fraga Iribarne ministro frankistaren aldeko omenaldiak antolatzen hasi zirenean. Alderantziz, ‘Ni más ni menos’ saioak Martxoak 3 elkarteko bozeramailearen parte-hartze anonimoa bultzatu gura zuen: “Andoni, de Vitoria”. Martxoak 3 elkarteak ez zuen horrelakorik onartu. Dena den, beste dei anonimo batek parte hartu zuenez, telebistak elkartearen gizarte-eskariari ez zion zegoeneko saiorako beharrezko iritzi: Fragak zuzendutako poliziak Gasteizen bost langile hil zituen, 1976an, eta ehun bat lagun zauritu zituen, hain zuzen. Poliziaren tiroek etxean arropa plantxatzen zebilen neskame bat ere zauritu zuten, zabalik zegoen ondoko gelako leihotik bala bat sartu zelako. Espainiako Gobernuak Fraga epaitu barik hiltzen utzi du.
                                                                                                                        (Iturria: Martxoak 3)

‘Ni más ni menos’ saio horri, hilabete batzuk lehenago, Aritz Galarragak honakoa eskatu zion Berriako ‘Ekografia’ zutabetik:
         “Baina, noski, ‘Ni más ni menos’ saioari ari gara eskatzen hori, esateko zerbait duten gonbidatuak ekartzea. Eta, kasu horretan, agian, galdetu beharko genuke ez bakarrik tertuliakideek zerbait ekartzen duten, baizik eta programak berak ba ote duen esateko edo ikusleari emateko ezer, edo oilategia, espektakulua baino ez duen bilatzen, ikusle gehiago izatea helburu.” (2011/09/17)

Telebistak sortu berri duen genero hibridoa ditugu ‘Ni más ni menos’ bezalako saioak: informazioa eta entretenimendua nahasten dituzte. Horregatik, infortainment izena hartu dute: “information” + “entertainment”. ‘Euskadi Directo’ horren erakusle nagusia da.

Informazioa espektakulu bihurtzeko joera hori albistegintzara ere hedatu da. Hortaz, albisteen protagonistei erreparatzen badiegu, lau talde bereiz daitezke:
    1.- Administrazioa: Aginteko eta oposizioko politikariak, polizia eta epaileak.
    2.- (Gizarte) Eragile profesionalak: Administrazioaren eta errealitatean eragiten dutenen arteko mezu-igorleak dira; hortaz, enpresaburuen eta langileen sindikatuez gain, kultur eta kiroal erakundeak ere bai.
    3.- (Gizarte) Eragile autonomoak: Gizarte bizitzaren oinarriak dira (langileen antolaketa autonomoa, euskara elkarteak, gizarte mugimenduak, kultur sortzaileak…).
    4.- Protagonista identifikagarririk ez: Erreferentzia anonimoak (adib., kaleko elkarrizketatu ezezagunak, gizartean jarduteko ekimenik agertzen ez dutelako) eta hirugarren figurak (istripua, eguraldia…).

Titularretan eta lehen orrian plazaratzen diren albisteek zer protagonista agertzen dute? Euskarazko hedabideei dagokienez, honakoak dira 2008ko datuak (ehunekoetan):

                                                                                                                      (Iturria: Egileak)

Euskarazko hedabideek agertzen dituzten protagonistak gero eta urriagoak dira. Izan ere, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan albiste gehienen protagonistak eragile autonomoak ziren bitartean, orain albisteen erdiak agertzen duen protagonista Administrazioa da. Hortaz, politikariek Politika saila gainditu eta berezkoak ez diren gainerako sailetan ere agertzeko bidea dute hedabideetan (Gizartea, Kultura...). Horretarako, hedabideek politikarien inaugurazioak eta lanen egoera aztertzea ere albiste bihurtu dituzte: “Zaballako espetxea inauguratu dute, baina bi hilabete barrura arte ez dituzte mugituko lehen presoak hara” (2011/09/22), Berrian.

Aldi berean, protagonista identifikagarririk aurkezten ez duten albisteen kopurua ere etengabe igotzen ari da, eguraldia eguneko berririk garrantzitsuenen artean kokatu dutenetik batez ere: “Elurrak zuriz estali du Nafarroa”, Etb1ean eta “Elurra iritsi da mendietara, tenperaturak jaitsita” (2011/12/18), Berrian. 

Gainera, protagonista identifikagarririk gabeko informazioak ez du boterearekiko jarrera kritikorik lantzen. Esaterako, herri lanek ur horniketa egokiari trabarik egin ez ziotela egiaztatzeko, kaleko oinezkoei inkesta egin zien Etb1ek, arduradun tekniko eta politikoekin zein auzo elkarteekin hitz egin ordez: “Bilboko ur horniketa: Arazo larririk ez lanengatik” (2008/04/06).

Horrenbestez, euskarazko hedabideetan protagonista pertsonifikaturik gabeko berriak albiste-mota nagusi bihurtzeko bidean dira. Ondorioz, hedabideek gizarte eragileen mezua zabaltzea trabatzen dute. Herritarren agerpena oztopatzen duten neurrian, berezko albisteak sortzeko gaitasuna galtzen dute. Kazetaritza-ekimenak, baina, gertuko giza-taldearen informazio-premia asebetetzea du eginkizun. Gizarte eragileak informaziotik baztertu ahala, albisteek ‘Euskadi Directo’-ren gero eta antz handiagoa hartzen dute. Azken batean, infotainment 1976ko informazio-eredu honen aldaera modernoa baino ez da:
                                                                                                            (Iturria: ABC, 1976/03/04)

2012/01/22

Indarkeria matxista lausotua

Indarkeria matxista azaltzen duten bi kasu oso adierazgarri ekarri gura ditugu, hedabideek erasotzaile matxista babesten ote duten aztertzeko. Hala ere, agertzen ez diren albisteen inguruko ikerketak zailtasun nabariak ditu, ez plazaratzeko arrazoiak ezin daitezkeelako ikertu.

Lehenengoan, Diego Yllanes Vizcay-k Nagore Laffage hil zuen, min handia eragin eta gero, Nagorek ez zuelako berarekin harreman sexualik eduki nahi izan Yllanesek gura izan zuen modu bortitzean. Sasoi hartan, Yllanesek neska-lagun “formala” zuen. Yllanesen sendia Diario de Navarraren irakurle-soslaikotzat hartu dute: Opus Deiren ingurukoa eta diruduna.

                                                         (Iturria: Érase una vez… Plimplin)
Diario de Navarrak Yllanesi “psikiatra” tratamentua eman dio. Are gehiago, Yllanes zigortzen duen epaia ezagutu eta bi urtera, oraindik “akusatu” moduan agertzen du egunkariak eta ez, “egile” bezala:
             “Asun Casasola lamenta que «la justicia sólo ampara al criminal»


Horretaz gain, Yllanesen hilketari lotutako bi albiste esanguratsu ez ditugu Diario de Navarran topatu. Lehenengo eta behin, Iruñeko hamasei peñak emandako “Urrezko Pankarta” sariak indarkeria matxistaren aurkako lana aintzatetsi dio aurten Nagore Laffage-ren amari (Asun Casasola). Diario de Navarrak, ordea, beste albiste baten barruan sartu zuen eta ez zuen Diego Yllanesen izenik aipatu: “Un grupo de vecinos reivindicará la ikurriña en el Chupizano”. Hala ere, Diario de Navarrak “Urrezko Pankarta” sariaren aurreko edizio guzti-guztiak jarraitu ditu: 2008, 2009 eta 2010.

Diario de Navarran aurkitu ez dugun bigarren albisteari heldu aurretik, zenbait datu errepasatu behar da. Diego Yllanes 2008tik espetxean dago. Gero, 2009an zigortu zutenean, hamabi urteko espetxealdia ezarri zioten. Hortaz, 2011n zigorraren laurdena betetzean, urtean 36 egun espetxetik kanpo emateko baimena eska zezakeela jakinarazi zuen Eitb.com-ek. Diario de Navarrak ez zuen albiste hori jaso.


Aztertuko dugun bigarren kasuan, Paul Abasolo Amantegik hiru neskari egindako erasoengatik hiru urte eta erdiko espetxealdiarekin zigortu zuten. Laugarren neska batek ezin izan zuen Abasolo taxuz identifikatu eta, horregatik, ezin izan zioten horren bortxaketa futbolariari leporatu. Ondorioz, lau erasoek batutako hamabi urteko espetxealdia aipatutako hiru urte eta erdira jaitsi zuen epaileak. Bosgarren neska batek, gainera, erasoa jasan eta gutxira salaketa kendu zuen. Espainiako Gobernuak hiru urte eta erdiko espetxe-zigor hori ere kendu berri dio. Beraz, bost eraso matxista zigorrik gabe utzi ditu Gobernuak: Abasolok gauzatutako hiru erasoak, eta laugarren neskaren bortxaketa zein kendutako salaketa eragin zuen bosgarren erasoa. Abasoloren sendia Deia ingurukotzat jo izan dute: jeltzalea eta diruduna.
 
         (Iturria: Real Union)

Efe albiste-agentziak Abasoloren epaia hedabide guztiei zabaldu ziela egiaztatuta geratu da:
                    “Abasolo es condenado a tres años de cárcel

Hala ere, Deiak eta El Correok ez zuten zigortutako Abasoloren izenik eman nahi izan, “P.A.” baino ez: “Condenan a un futbolista del Real Unión a 3 [sic] años de cárcel por abusos sexuales” (Deian) eta “Condenan a un futbolista a tres años de prisión por tres delitos de abusos” (El Correon). Are gehiago, zenbaitek epai hori Athleticen jolasteko trabatzat hartu dute, garai hartan (2008an, alegia) espetxetik ateratzeko 30.000 euroko fidantza ordaindu baitzuen. Deiak Abasolo elkarrizketatu duenean, baina, ez du horretaz informatu:
               “Paul Abasolo: «El Athletic me puso la miel en los labios»
Asteon, ordea, Espainiako Gobernuak indultatu duela informatu du Deiak; honela:

                                                       (Iturria: Deia)


Dena den, Berriak gaia sakon aztertzeko kazetari mutil bati ardura ematearren hartu nuen poza azaldu gura dut… Lan bikaina!: “Sexu erasotzaile bati indultua eman dio Madrilek eta ez dute kartzelatuko”.

Hortaz, gainerako hedabideek haien irakurle-taldearen inguruko erasotzaileen albisterik zabaldu ez dutela badakizue, horien berri ematea eskertuko genizueke.

2012/01/15

Argazkien egokitasunaz

Egunkarietako informazioak osagai nagusi bi izaten ditu: testua eta ilustrazioa. Azken hori ez da zertan beti eman, baina agertzen denean testua osatzeko helburua dauka eta objektibotasunarekin lotzen da. Horrela, bien elkarrekintzatik gertakizuna hobeto uler daiteke. Aldi berean, ilustrazioak albistearen konplexutasuna samurtzen lagun dezake. Horretarako, adibidez, infogramak erabiltzen dira.

Albistea ilustratzen duen irudia “egokitzat” edo “ezegokitzat” hartzeko, irudiak berak erantzuten dituen W-galderen kopurua kontuan hartzen da. W-galderak zazpi kazetaritza itaunak dira, honakoak: nork (who), zer (what), noiz (when), non (where), zergatik (why), zelan (how wie, alemaneraz–) eta nondik (woher, alemaneraz). Ondorioz, albistea osatzen duen irudia egokitzat hartzeko irizpidea ilustrazioak zenbat W-galderari erantzuten dion kontuan hartzen du:

1.- W bakarrari erantzuten badio, argazkiak betelan eginkizuna ohi du:
Gehienek protagonista (nork) identifikatzen dute. Prentsaurrekoetako argazki horien mugen inguruan @GariGaraialde -k asteon ere idatzi du.
                                       “Amurizaren lana, Interneten
 Albistea ilustratzeko argazki horrek nork bakarrik azaltzen du (Amurizak, hain zuzen)

2.- Bizpahiru W-ren erantzunak agertzen dituen ilustrazioa egokitzat hartzen da:
Honelako irudiek albistea osatzeko eginkizuna azpimarratzen dute: alde batetik, informazioa bera osatzen dutelako eta, bestetik, kazetaritza jardunaren ondorio direlako.
   “Olinpiar Jokoetako zuzia itzali dute Parisen Txinaren aurkako protestek

Kasu honetan, albistearen argazkiak bizpahiru W-galderari erantzuten die: zer (Olinpiar Jokoetako zuzia amatatu izana), nork (Tibet askearen aldekoek) edota non (Frantzian?, jendarmeak agertzen baitira).

3.- Lau W-galdera baino gehiago islatzen dituen irudia oso egokia da:
Oso irudi esanguratsuak direnez, albistea agortzen duten ilustrazioak ohi dira. Sarritan, foto-albisteak izaten dira.
Ume bat harrapatuta geratu da kutxa gotor baten barruan Istanbulen
 
Esaterako, irudiak lau W-galderaren erantzunak agertzen ditu: zer (erreskatea), nork (suhiltzaileek), non (jantzietan irakur daiteke) eta zelan (xerra erabilita, kutxa ebakiz). Albistea, jakina, horixe baino ez da.

Horren arabera, asteon sare sozialetan @XabierEuzkitze -k proposatutako eztabaida azter dezakegu. Oñatiko EAJk maiatzeko hauteskunde kanpainan zabaldutako aldizkarian agertutako ume baten gurasoek haren irudiaren erabilpena salatu zuten eta asteon EAJren egintza hori zigortzen duen epaia kaleratu da. Umearen guraso bat Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea da, ekainez geroztik. Hedabide guztiek antzerako titularrak eman dituzte, EFEk zabaldutako albisteari jarraituz: “EAJk 2.000 euro ordaindu beharko dizkio Ugarteri, horren alabaren argazki bat erabili izanagatik”.
•    Nork: Oñatiko EAJk.
•    Zer: 2.000 euroko isuna.
•    Noiz: 2012/01/11.
•    Non: Bergaran.
•    Zergatik: Epaileak adingabekoaren argazkia erabiltzeari desegoki irizteagatik.
•    Zelan: Adingabekoaren argazkia zelakoa den.
•    Nondik: Maiatzeko hauteskunde kanpainan adingabekoaren argazkia erabili eta gero, horren gurasoek salaketa ipini zuten.

Interneteko bertsioei jarraituz, Goienkariak, Berriak eta Garak ez dute albiste hori osatzeko argazkirik argitaratu. Hortaz, informazioa azaltzeko testua baino ez dute erabili.

Vocento taldeko bi egunkariek jarrera ezberdina agertu dute. Alde batetik, Gipuzkoan argitaratzen den Diario Vascok ez du argazkirik atera. Hala ere, informazioa begi kolpe batez ulertzeko, albistea laburbiltzen duen infograma bat osatu du. Infograma horrek bi galdera erantzuten ditu: nondik eta zelan. Ondorioz, ilustrazio egokia da. Dena den, testu larregi duenez, infogramatzat hartzeko eragozpenak ere ulergarriak lirateke.
                                                                         (Iturria: Diario Vasco)

Bizkaiko El Correok, ordea, Larraitz Ugarte (umearen guraso bat) eta Martin Garitano (guraso horren nagusia) agertzen dituen argazki bat plazaratu du. Gainera, Ugartek eta Garitanok Bizkaian ez dute ardura instituzionalik. Albistearen informazioaren ikuspegitik aztertuta, El Correo-ren argazki horrek honako galderari erantzuten dio: nori, hau da, zigortuak kalte-ordaina nori ordaindu behar dion. Begi bistakoa denez, nori galdera ez da kazetaritza itauna. Horregatik, El Correo-ren argazkia ez litzateke egokia izango. Ugarte albistearen nork izateko, berriak honakoa izan beharko luke: “Ugartek Oñatiko EAJ salatu du, bere alabaren argazki bat hauteskunde kanpainako aldizkari batean zabaltzearren”. Garitano, beraz, ez da albiste bakar baten protagonista ere ez. Ondorioz, hura agertzen duen argazkiak kazetaritza jarduera okerra azaltzen du.
                                                                                                                    (Iturria: El Correo)
Noticias taldeak, azkenik, Bizkaiko eta Gipuzkoako edizioak bereizi ditu. Alde batetik, Noticias de Gipuzkoa egunkariak, El Correo-ren ildotik, Ugarteren argazkia argitaratu du. Ikusi berri dugun bezala, nori galdera ez da kazetaritza itauna eta, ondorioz, irudi hori ez da egokia.

                                              (Iturria: Noticias de Gipuzkoa)
Beste aldetik, Deiak salaketa eragin zuen adingabekoaren argazkia argitaratu du (aurpegia difuminatuta, jakina). Horrela, Deiak kaleratutako informazioa osatzeko irudiak bi galderari erantzuten die: nork eta zelan. Ondorioz, oso argazki egokia da, guztiz bisuala delako.

                                                                                      (Iturria: Deia)

Zergatik ez du Noticias de Gipuzkoa egunkariak albistea ilustratzeko argazkirik egokiena erabili, talde bereko Deiak irudi horixe plazaratu badu?

2012/01/08

AEBek zehaztutako (euskal) mundua


Euskarazko hedabideei Euskal Herrian fosilizatuta egotea leporatu ohi diete. Dena den, hedabideok Euskal Herritik kanpo gertatutako albisteak gero eta sarriagotan telebistako titularretan eta lehen orrietan azaltzen dituzte: Berriak azalean dakartzan albisteen %40 Euskal Herritik kanpo sortu dira; Euskadi Irratiako albistegian, %43 hartzen dute; eta Etb1eko ‘Gaur Egun’ saioko titularren %46,4k Euskal Herritik kanpoko berriak dakartzate.

Hortaz, euskarazko albisteek ez dute zertan euskal errealitatea bakarrik jaso. Izan ere, euskaraz munduaren berri eman daiteke. Zer mundu? Ba, gero eta AEBetarragoa. Adibidez, 2008an, Espainiako albiste bakoitzeko AEBetako sei plazaratu zituen Euskadi Irratiak; hiru, Etb1eko titularrek; eta 1,66, Berriako lehen orriak. Azken batean, AEBetako informazioak Frantzian sortutakoak baino leku handiagoa du, azken hori Politika sailera bakarrik mugatzen da-eta. 

                                                                                        Iturria: Euskal Wikipedia

Gainera, AEBetako albisteen hedapenaren ondorioz, munduan sortutako informazioaren aniztasuna gero eta murritzagoa da. Are gehiago, AEBetan gertatutako albisteak sail guztietara hedatu dira. Beraz, euskalduntasuna irudikatzen duten Gizartea eta Kultura sailek beste nortasun baten berri ere ematen dute:
      * Gizartea: “Texas Estatuan gizonezko mexikarra hilko dute heriotz-zigorra […]” (2008/08/05), Euskadi Irratian.
      * Kultura: “«Goiko mendian, elurra dago[…]», CSIko [AEBetako telesaileko] protagonistaren ahotsa da […]” (2008/12/19), Euskadi Irratian, eta “Grissomen mezua” (2008/12/19), Etb1ean.

Alde batetik, bertako gizataldeari eragiten dioten gaiak aurkezten ditu Gizarte sailak. Herritarrek gizarte egituran parte har dezaten bultzatzeko atala da eta horretarako giltzak eman beharko lituzke. Horrela, bertan agertzen diren berri arinak (‘soft news’: indarkeria, natur hondamendiak eta istripuak) Espainiakoak edo AEBetakoak izaten dira. Ildo beretik, albiste arinek ez dute gizarte egituran parte hartzeko gakorik eskaintzen, gizarte geldoa islatzen baitute.

Bestetik, Kultura sailak bertako edukiak alboratzean ez du kanpoko kultura-eredurik onartzen, bertako akulturazioa eragin baizik. Euskal Telebistak TF1ekin France 3rekin baino bat-egite handiagoa erakusteak ez du esan nahi Etb1ek Frantziako kulturaren berri zabaltzen duenik, AEBetako edukiak agertzen dituela baizik. Izan ere, bertako kulturaren hobespenak ez du kanpoko edukirik baztertzen. Are gehiago, munduko kulturetara gerturatzeko bidea euskalduntasuna baino ez da.