2012/02/19

Etb1, erdarazko albistegiaren gatibu


Euskal Telebista sortu zenean, euskaraz eta gazteleraz aritzen zen, egunero euskarazko albistegi bat egin ahal izatea erronka handiegia zelakoan. Hizkuntza hauturik ez zuen orduko Euskal Telebistak egin, baina 1983ko abenduaren 19an gaztelera hutsezko albistegia abiatzeak hizkuntzaren araberako bi kateen bereizketarako oinarriak zehaztu zituen: 1986an martxan ipinitako Etb2k gaztelera hutsez emitituko zuen, euskaraz aritzen zen Etb1en “osagarri” moduan, zenbait gizarte eragilek (Euskal Herrian Euskaraz-ek, esaterako) EiTB legeak Euskal Telebistaren euskararen eta euskal kulturaren sustapena helburu izatea agindu ziolako. Hala ere, albistegietarako talde bakarra osatu zuten. Hortaz, kazetari berak albistea euskaraz eta gazteleraz landu behar du. Euskadi Irratiak, aldiz, Radio Euskadi geroago sortu zenean ere, bere jarduera independenteari eutsi ahal izan zion.

Gaztelerazko kateak ikusle gehiago dituenez, horren merkatu-estrategia gailendu dela kritikatu izan diote Euskal Telebistari:
“Arazoa da bi hizkuntzetan aritzeak, bi kateetarako lan egiteak, erdibitu egiten duela nolabait kazetaria, eta oreka gorde ezinik, indartsuenaren alde jotzen duela inertziak, garrantzitsuaren alde, lehian jartzen duen haren alde, Etb2 eta gaztelaniaren alde. Ez da, gehienetan, borondate eta sentimendu kontua, azpiegiturak eragiten duena baizik.” (Elixabete Garmendia, 2005: 26)

Webgunean ere, azken orduko albisteak lehenengo erdaraz ematen dira eta, gero, euskaratzen dira. Euskarazko webguneak honako albisteak zituen bitartean,
                                                                 (Iturria: Eitb.com)

erdarazko webguneak euskarazko albisteak iraungita zeudela egiaztatzen zuen: Greziako istiluei buruzko albiste gehiago eta Manuel Lasarteren heriotzaren berri.

                                                                   (Iturria: Eitb.com)

Beraz, hildako mendizalearen albistea behe-behean agertzen da:

                                                                 (Iturria: Eitb.com)

Hortaz, informazioa gazteleraz lantzen da eta euskara itzulpen-hizkuntza hutsa da. Horrela, erdal sena euskararen adierari nagusitzen zaio eta euskarazko albistearen ulergarritasuna trabatzen da. Honako adibidean, saltzaileak adingabetuak izan zirela ematen du. Lege-haustea, ordea, “adingabetuentzat” alkohola erostea izan zen:

                                                                    (Iturria: Eitb.com)

Are gehiago, Euskal Telebistan euskaldunok erdarazko adierazpenak egitera behartuta gaude. Gari Araolazak salatu duenez, euskaraz hitz eginez gero, Etb2k ez dio lekurik egiten. Jaurlaritzak jokabide hori babestu berri du. Idoia Gatonek eztabaida horren ingurukoak bildu ditu.

Ondorioz, Etb2k Euskal Herri elebakarra azaltzen du: erabat erdalduna. Dena den, euskaraz hobeto informatzen da, besteak beste, albistearen sakontasuna lantzen duten ikuspegi gehiago eskaintzen direlako. Izan ere, euskarak ez du gizarte eleanitzak agertzeko eragozpenik. Adibide honetan, Etb1ek Herrialde Katalanetako errealitate elebiduna ere bere horretan islatu zuen (2008/01/22):


Etb2k, ostera, gaztelerazkoak ez diren adierazpenak gaitzesten ditu, informazioa ezagutzeko oinarrizko iturriak badira ere. Kasu honetan, medikuaren eta pazientearen katalanerazko adierazpenak ez zituen eman. Gizon euskalduna, jakina, erdaraz hitz egiten agertzen da. Azken batean, euskarazko katearen osagarri eginkizunak alboratuta, gizarte elebidun bateko telebista publikoak erdaldun elebakarrei mundu elebakarra sortu eta aurkezten die:

Euskaldunok Etb2n erdaldun moduan agertzeko ildo editorialak Etb1 gatibu dauka. Erredakzio bakarrak bi kateetarako lan egiteak erdaratik sortutako albisteak ematera behartu du Etb1, ikusle erdaldunentzako albistegiak Espainiako albiste-agentziek zehazten duten agenda geografikoa iturburu duelako. Horrenbestez, Etb2ren ikusle erdaldunek Etb1en edukiak baldintzatu dituzte.

Gaztelaniarekiko mendekotasun horrek euskal gizartea islatzeari bizkarra eman dio: Euskal Telebistak ez du euskararen herririk islatzen. Izan ere, 2008an Frantziako Tf1 eta Espainiako Telecinco telebistekin sarriagotan bat etorri zen Etb1 bera (%12,85 eta %26,81, hurrenez hurren), Ipar Euskal Herrian euskaraz zabaltzen den France 3ko euskarazko albistegiarekin baino (%5,81). Jarduera informatibo horrek Euskarazko Komunikazio-Esparrua ahultzen du.

Ondorioz, Etb1 eduki erdaldunak euskaraz emititzeko telebista-kate bihurtu dute. Horrela, 2004an, Iparraldeko euskaldunen %61,2k France 3ko euskarazko albistegia ikustea azaltzen da, hau da, EAEko euskaldunek Etb1 ikusteko proportzioaren bikoitza (%32,8koa baita). Ikuspegi euskaldunean oinarritutako albistegiek ikusle gehiago dituzte eta ikusle-kopurua telebistaren oinarria ei da. Zeren izenean bahitu digute Etb1?

No hay comentarios:

Publicar un comentario