2012/05/13

Komunikazioaren generoa

Bilboko Tas-Tas irrati librearen II Tailer Kritikoak amaitu berri dira. Bertan, komunikazioaren generoaz hausnartu dute. Emaitzekin irratian erabiliko duten dekalogoa sortu nahi dute.

"Who makes the news" proiektuak bost urterik behin nazioarteko albisteak aztertzen ditu, Margaret Gallagher-ren zuzendaritzapean. Azken ikerketak (2010ekoak) honako joerak azaldu ditu:

  • Albisteetan agertzen diren protagonisten %76 gizonezkoak dira.
  • Interes orokorreko albisteek ez dute emakumeen ikuspegirik ematen, gai horiek emakumeengan bereziki eragin arren (emakumeen langabezia, sexu eta ernaltze eskubideak, janzkera tradizionala...). Esaterako, burkaren inguruan AEBetako eta Afganistango politikariek jardun zuten.
  • Emakumeen ekimenezko albisteak falta dira.
  • Hedabideek ez dituzte andreak albiste-iturri aditutzat hartzen.

Horrenbestez, erritmo hori bizkortu ezean, albisteen generoaren parekotasuna ez da hurrengo 30-40 urtean lortuko. Ondorioz, Suediako telebista publikoaren (SVT) Västerbotten zonaldeko albistegietako zuzendariak honako helburua finkatu zuen, 2001ean: informazio-iturri adituen parekotasuna. Guztira, xedea betetzeko bost urte behar izan zituen. Hortaz, 2006an albiste-iturri adituen %44 emakumezkoak ziren. 

Denbora-tarte horretan, Västerbottengo SVT ikusten zuten gizonezkoen audientzia datuek albistegi parekideei aurrekoen maila berean eutsi zieten, behera egin gabe. Albistegiak ikusten hasi ziren emakumeen tasa, ordea, izugarri altuagoa izan zen 2006rako: gizonezkoena baino bost puntu altuagoa, alegia. Beraz, gizonek ez dute komunikazio parekiderik gaitzesten. Emakumeen informazio-kontsumo datuak, aldiz, gizartearen subjektu sentitzen diren proportzioan handitzen dira.

Euskarazko hedabideen jarduna aztertzeko, domekako albisteak aztertu ditugu (lehen orrian edo titularretan azaldutako berriak, hain zuzen). Albiste horien informazioa azaltzeko kontuan hartzen diren iturri adituei dagokienez, emakumeek laurdena baino ez dute osatzen. Horrenbestez, nazioarteko komunikazioaren parekotasunik gabeko maila berean dago. Horregatik, Berriak emakume adituen portzentajea herenera igotzea goraipatzekoa da, Argia astekariak emakumeen ikuspegia dexente apaltzen duela eta Euskadi Irratiak emakumeen ahotsik ere eman ez duela kontuan izanik
                                                                                                                                                (2012/05/13)

Emakumeen ikusgarritasun eskas hori hedabideak gizartearen isla izatearekin lotu izan da. Hala ere, idatzizko hedabideei erreparatuz gero, iritzi-artikuluen egileen genero parekotasunik eza lehen orriko proportzioarekin bat datorrela egiaztatu dugu (Anboto kenduta).
                                                                                                                                               (2012/05/13)

Ondorioz, informazioaren maskulinizazioa ez dagokio gizarteari, baizik eta gizarte horren subjektu parte-hartzaileak identifikatzeko hedabide bakoitzak gauzatzen duen jardunari. Horregatik, hedabide publikoek parekotasun-gabeziarik handiena azaltzea larriagoa da oraindik.

Horrenbestez,  Tas-Tas irrati librearen II Tailer Kritikoek albisteen genero parekidetasuna lortzeko zenbait ekimen kontuan hartzeko proposamenak ekarri dituzte:
  • Arlokako emakume adituen kontaktu-agenda osatzea. Horrela, informazio-iturri adituekin albisteak osatu ahal izango dituzte.
  • Emakumeen parte-hartzea errefortzu positiboekin sustatzea. Izan ere, protagonista izatea ez da balore femeninoa: emakumeek espazio publikoan aditu legez ager ez daitezen, ziurgabetasunak ezarri zaizkie-eta.
  • Emakumeen taldeek sortutako albisteen berri emateko sarea indartzea. Andreen ekimenezko albisteen kopurua handituko du horrek.
  • Emakumeen eta gizonen rol tradizionalen eraldaketa naturaltasunez aurkezten sakontzea. Hala ere, izendapen sexistak gainditzeko baliabideak beharrezkoak dira oraindik: adibidez, zelan esan "Athletic-eko nesken taldea"-ri? Gainera, zenbait hedabidek emakumeen deskripzio fisikoa, emozionala edota familiarra aipatzen jarraitzen ditu.

Kazetaritzak albisteen generoaren parekotasuna lortzean, gizarte justuagoa bideratuko du. Aldi berean, informazio parekideak euskal emakumeok euskarazko hedabideetara erakarriko gaitu.




2 comentarios:

  1. Anónimo3/7/12 0:39

    Fernando aramburuk, bere blogen, bere liburuaren aurkezpen bati buruz:
    "Me flanquearon hembras a la mesa. Estaba, pues, como en casa. Es que congenio con el rebaño cuando es bello y huele bien".

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Arambururen adierazpenek bere liburuek baino oihartzun handiagoa dute. Alemanian ia hogei urtez bizi izan ondoren, oraindik ez da alemanieraz idazteko gai; munduan 53 urtez bizi izan eta gero, oraindik ez da sozializatzeko gai.

      Mila esker zure ekarpenagatik!

      Eliminar