2013/05/13

Kirol informazioa matxista al da?

Emakumeok albisteetan izaten dugun presentzia zenbaitetan ikertu da. Hala ere, hedabideotako Kirol sailak gehienetan ez du emakumerik agertzen. Adibidez, Eitb.com-ek Realak jokatuko duen partida iragartzeari Bera Berak liga irabazi izanari baino leku hobea eman zion:

Iturria: Eitb.com

Horrelakoetan, futbolak saskibaloiak baino interes handiagoa pizten duela esan ohi da, salbu eta emakumezkoen futbola denean. Orduan, Athletic-ek bosgarren liga irabaztear eduki izana ez da ia albiste ere:

Iturria: Eitb.com

Horrenbestez, hedabideek errealitatea islatu baino egiten ez dutela justifikatzen dute. Ados, jo dezagun albisteen iturrira. Hortxe ere emakumeen kirolarekiko mespretxua nabarmena da:


Bai. Hedabideek arrazoia dute: informazio-iturriek haiek emakumeen kirola baztertzen dute... baina informazio horrekin hedabideek zelan lantzen dituzte albisteak? Bi egunetan, kirol berriak aztertu eta gero, euskarazko hedabideen gizarte-konpromisoa maila berekoa ez dela egiaztatu dugu. Honakoak dira bi asteburutako emaitzak:

Iturria: Egileak.

Iturria: Egileak.

Egun bateko azterketatik harago, joerak azaltzen dituzte grafikook. Alde batetik, Euskadi Irratiak eta Etb1ek ez dute emakume kirolarien berririk ematen, hedabide publikoak izanda, legezko agindua badute ere. Beste aldetik, Berriak eta, batez ere, Anboto Durangaldeko astekariak emakumezkoen kirola ikusi eragiteko berezko ahalegina egiten dute.

Berriak gizonezkoen eta emakumezkoen kirola parekatzeko joera du: kirolariak abizenengatik bakarrik identifikatzen ditu. Horregatik, kirolzaleak ez garenok protagonistaren generoa jakiteko arazoak izaten ditugu. Argazkia duten albisteetan, abizenen identifikazioa nahikoa litzateke. Bestela, emakumeen ikusgaitasuna eragin guran, haien agerpena trabatzen da. Anbotok, ordea, kirolarien generoa azpimarratzen du:

Iturria: Anboto (2012/10/12)

Horregatik, emakume kirolaririk ez agertzea edota gizonen kirola lehenestea hedabidearen berezko hautua da. Kazetaritza jardunak gizarte-konpromisoa eskatzen du, horrexek Athletic-en web-orria eta Eitb.com ataria bereizten duelako, hain zuzen. Kirol kazetari gehienak gizonezkoak izatea ere ez da aitzakia, Berriak eta Anbotok erakutsi duten bezala. Emakumeen kirola baztertzeak ez dio hartzaileen jakin-minari erantzuten; alderantziz, emakumezko kirolarien berri emateak jendarte parekide batean bizitzea ekarriko du.